Historiaurrea

Neolitiko, Kalkolitiko eta Brontze garaian, Zegamako lurretan artzantzatik bizi ziren gizakiak zeuden. Bizikera horren adierazgarri dira gaur egun ere, oraindik ikus ditzakegun Trikuharri eta Hilarriak.

Pentsatzen da, Otzaurteko pasabide naturala, historiaurretik Mediterraneo aldea eta Kantauri aldea lotzeko pasabidea izan dela. Inguru hauetan aurkitutako erromaniko garaiko aztarnek, gutxi badira ere, bertatik erromatarrak pasatu zirenaren lekuko dira.

Erdi Aroa

Zegama, "kolazio" edota "unibertsitate" bezela, 1384ko ekainaren 12ko agiri batean agertzen da lehenengo aldiz; agiri horretan, Segurara atxikitzen zela jasotzen da, Zerain, Idiazabal, Ormaiztegi eta Mutiloarekin batera. Atxikimendu hau 1387an, Gaztelako errege zen Juan I.goak baieztatzen du eta 1393an Endrike III.a Erregeak. Batze edo elkartze hori Nafar eta Gipuzkoarren arteko borroka indarrean zegoen garaian eman zen, azken hauek Gaztelako Erreinuarekin loturik zeuden 1200. urte ezkero eta horregatik Nafarroako erreinuarekin aurrez aurre. Zegama, zegoen tokian zegoelako (Nafarroarekin mugan), borroka honek erdiz erdi harrapatzen zuen. Halaber, Ahaide Nagusien borrokek (gerlek) ere, gune txikien arteko elkarketa ondorioztatu zuen. 1401ean, Altzaniako Partzuergoa osatu zen, Partzuergo hau, Zegama, Zerain, Idiazabal eta Segurak osatzen zuten eta Partzuergoaren helburua mendien probetxamendu eta zainketa bateratua egitea zelarik, garai hartan, oso garrantzitsua zen ganaduen zainketa eta burdinoletarako egurra lor zezaten.

Zegamako herriak bere harmarria "Jauregi"tik hartu zuen, "Ladrón de Guevara" familiarena, hauek 1495 urterarte bere elizaren patronatoa (jabetza) izan zutelarik.

Zegama herri egin zenekoa

1615eko otsailaren 4ean, Felipe III.ak, Zegamari herri izateko pribilejio edota baimena eman zion, horretarako garai hartan Zegaman bizi ziren 310 herritarrek, ordainketa bat egin behar izan zuten, zehazki 85.615 erreal. Behin herri titulua lortu eta gero, Zegamako ordezkariak, Lurraldeko Batzarrean eserlekua hartu zuen eta Segurarengandik banandurik udal kontzejua osatu ahal izan zuen.

1637tik aurrera, Zerain, Mutiloa, Ormaiztegi, Astigarreta eta Gudugarretarekin elkartuta egon zen "Unión de Cegama" izenaren menpean, berau Lurraldeko Batzarrean beraien ordezkapena batzeko izan zelarik. Partaide desberdinekin, elkarkidetza honek 100 bat urte iraun zuen.

San Adrian

San Adriango pasabidea, Zegamaren historian gune garrantzitsuenetakoa izan da. Lizarrate harkaitzaren bihotzean, Aizkorri eta Altzaniako mendateen artean tunel edo pasabide bat dago, San Adriango Tunela. Errege kaltzada zaharrean eta aldi berean, Santiago Bidean dago kokatua eta bide honek Goierriko eskualdea eta Arabako Zalduendo herria lotzen ditu, beraz Gaztela eta Europa arteko komunikabidea izan da. Ahozko literaturaren arabera, erromatarrek ere bide hau aukeratu zuten bere garaian meseta edo Gaztelako lautadara iristeko eta honen adierazgarri da Inazio Iztueta folkloregileak jasotako esana: "Ekaizte batean, erromatarrek beren soldadu bat bertan utzi behar izan zutela oinaztar edo tximista batek hil ondoren". Pasabidearen gaikaldean San Adriango Koba dugu, hizkera herrikoian "Sandratei" bezela ezagutua.

San Adrian Aita Villasanteren ustez, tunel edo pasabide eta mendate honen lehen topinimia "Sancta Trinitatea" izan zen, euskaldunek beren hizkerara "Sandrati" edo "Santa Tria" bezela moldatu zutelarik. Mikaela Portilla historilaria ere iritzi berekoa da, honek Araban Santa Tria edo San Tetria izeneko parajeetan San Adriani eskeinitako ermitak bat baino gehiago daudela adierazten duelarik. Datu honi zera erantsi behar zaio, San Adriango erromeria Trinitate egunean edo ondorengo igandean ospatzen dela. San Adriango Tunelaren barnean XI. eta XII. Mendeko txanponak aurkitu ziren eta honek adierazten du Erdi Aroan iadanik pasabide zela. Gipuzkoa 1200 urtean Gaztelara atxikitu zenetik, Nafarroaren mende zegoen Otzaurteko pasabidearen alternatiba bezela, bide berri hau instituzionalizatu zen. Nikolas IV. Aita Santuak, 1290. urtean, peregrino, transeunte eta txiroen aldeko indulgentziak eman zituen, betiere San Adriango ospital-elizara Trinitate Egunean hurbiltzen zirenentzat.

San Adriango pasabidea indarrean zegoenean, bertatik erregeak, printzeak, gudalosteak, bandolero, gaizkile, iheslari eta peregrinoak pasatzen ziren. Bere barnean, etxeak, ikuiluak, taberna, kapila… zeuden. Fortaletza edo dorretxe bezela funtzionatzen zuen, bertan zaindari eta alkaide bat ere bazendelarik. Pertsonai hauetako bat Europako pertsonarik nagusiena zela esanez zebilen, izan ere bere aurrean erregeek ere burua makurtu behar izaten zuten; ez zen gezurretan ari, Araba aldeko tunel ahoa, oso altuera gutxikoa da eta zaldiz zetorrena txapela kendu eta burumakur pasa behar.

San Adriango ermita San Adriango ermitan, XVI. mendearen haseran, Flandesetik Gaztelara zeramatela, "Felipe de Lazkano" bataiatu zuten, (Gipuzkoako tercioetan coronel karguara iritsi zen) bere aita-ponteko "Felipe el Hermoso" eta ama-ponteko "Juana la Loca" izan zituelarik.

Tuneletik 500 bat metrora, Gaztelako bide zaharrean, Santi Espirituko ermita dago, honen ondoan Tenplarioak egon zirela esaten delarik.

1503an, Julio II. Erregeak "priorato" tituloa eman zion Santiago Bidean kokaturik zeuden tokiei, "prioratoa" Erdi Aroko fundazioa da eta normalean, aurrez Zaldizko ordenaren bat egondako tokiei ematen zitzaien titulo hau.

1512an, jakin badakigu, priorato honek peregrinoentzat ospitale bat zuela, denbora gutxira, sute baten ondorioz, suntsitua izan zelarik. Ermitako priore moduan, Segurako parrokiko benefiziatu bat egoten zen.

1599ko bidazti batek zera dio. "Bi ermiteenganako debozio handia dutela peregrino eta Frantziako Bidetik Santiago Bidea egitera datozen erromesek".

Modernitate garaia

Etxegarateko bidea ireki zenean, 1851az geroztik, Segura-Zegama bide zaharra bigarren mailan geratu zen. Honen ondorio zuzena, Zegamako fonda eta alberge-etxeak desagertzea izan zelarik.

Industrializazio garaian, papertegiak eta beste zenbait tailer txikik eman zioten bizia herriari.

Hirugarren milaurtekoaren aurrean, Zegama, lehen mailako natura ondarearen jabe da, hirugarren sektorean gero eta jende gehiagok diharduelarik eta dituen erdi-mailako eta industri txikien dinamismoa, biztanleriaren esperientziari batuz, itxaropenez beteriko errealitate bilakatzen da. Bidea egitera datozen erromesek.