Zegamako Bele Gazte gaztelekuan ekainaren azken bi astetan eta uztail osoan zehar egiteko ekintza ugari antolatu dituzte, abuztuan gaztelekua itxi aurretik. Ekintza hauek 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo dira eta hauetan parte hartzeko izen ematea irekita dago ekainaren 12rarte, derrigorrezkoa izango delarik izena ematea antolatutako ekintzetan parte hartzeko.
Gaztelekuko suspertzaileak nerabeekin aurrez adostu zuen programazioa, eta beraien nahiak eta iritziak kontutan hartuta 6 asteko proposamen erakargarria osatu dute. Udako lehen ekintza ekainaren 22an egingo dute, herriko hainbat txoko garbituko dituztelarik. Ekainaren 24ean, Anduetza Parketxean, Zegaman Orientatuz ekintza burutuko dute. Bigarren astean, ekainaren 29an erreka zati bat garbituko dute eta uztailaren 1ean, Anduetza Parketxean, orientazio kirolaren hastapenak ekintza egingo dute. Uztaileko lehen astean, uztailaren 6an, igerilekuan jolasak burutuko dituzte eta hurrengo egunean, uztailaren 7an, Aizkorrira igo, handik Urbiara jetsi eta ondoren Arantzazura joango dira, bertatik Zegamara autobusez etorriz.
Hurrengo ekintza uztailaren 13an egingo dute, harrapaketa jolas erraldoia antolatuko dutelarik gaztelekuko erabiltzaile zaharrenek. Urtero bezala, aurten ere egun osorako txango bat antolatu dute gaztelekutik, Sobrongo abentura parkera joango direlarik uztailaren 14ean. Bertan kanoetan ibiliko dira, abentura parkeko zirkuitoa egingo dute eta gero pistinan igaroko dute eguna. Uztailak 20 arratsaldean, yoga saioa egingo dute aire librean Lorea Perea irakaslearekin. Handik bi egunetara, uztailaren 22an, altxorraren bila arituko dira herrian bertan.
Azkenik, kurtsoari amaiera emateko, uztailaren 27an Murgizelai parkean afaria egingo dute eta egun honetan bertan, ikasturteko balorazioa eta bingo jolasa egingo dituzte.